martes, 10 de marzo de 2009

Urdaibaiko Garapen Iraunkorrerako Estrategia berriak 553 milioi euro xedatuko ditu zazpi urtetan zenbait egitasmorako

Urdaibaiko Garapen Iraunkorrerako Estrategia berriak 553 milioi euro xedatuko ditu datozen zazpi urteetan eskualdeko gizarte, ekonomia eta ingurumenaren arloak suspertzeko giltzarri izango diren egitasmoetarako.

Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak 2009-2015 aldirako Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Garapen Iraunkorrerako Estrategia aurkeztu du Gernikan. Bere esanetan, hainbat eragile sozialekin eta herritarren partaidetzarekin diseinatu den estrategia betearazita, Urdaibai gune berritzailea bihurtzeko giltzarri izango diren egitasmoak sustatuko dira. Horretarako, ingurumen ondarearen eta garapen ekonomiko zein sozialaren arteko oreka erraztuko duten ekintzak burutuko dira.

Eskualdearen erabateko garapena bultzatzeko asmoz, 60 ekintza baino gehiago aurreikusi ditu planak, lau ardatz estrategikoen inguruan sailkatuta eta 12 ildo lehenetsiei erantzutearren.

Lurralde eredu iraunkorra zehazten du lehenengo ardatzak. Hori gauzatzeko bidean "ezinbestekoa" izango da Gernika-Markina eremurako Lurralde Zati-Plana onartzea, Erreserbaren Erabilpen eta Kudeaketarako Gida Plana eta Natura Sarea 2000ren Kontserbazio Bereziko Eremuak Urdaibaien finkatzen dituzten agiriak berrikusi eta eguneratzea. Era berean, eskualdearen irisgarritasuna eta loturak hobetzea aurreikusten du lehenengo ardatzak.

Horren harira, "tren zerbitzu eraginkorragoa behar da", bai eta garraio publikoa berrantolatzea eta errepide berriak eraikitzea, besteak beste, Bermeo, Sollube eta Autzaganetik iristeko.

Bigarren ardatza ondarea eta bioaniztasuna babestean eta zaintzean datza. Ondorioz, ingurumena leheneratzeko, birsortzeko eta hobetzeko egitasmoak burutuko dira (Gautegiz-Arteagako padurak, Muruetako triangelua edo Laidako hondartzaren haremunak, besteak beste), eta, batez ere, landare exotiko inbaditzaileak kenduko (Baccharis halimifolia eta Cortaderia selloana).

Ekintza horiez gain, erakundeen arteko akordioak bultzatuko dira, bertako eta nazioarteko zaintza sareetan parte-hartzea eta, halaber, ikerketaren garapena. Horrela, egoitza Madariaga Dorretxean duen Euskal Autonomia Erkidegoko Bioaniztasun Zentroa izango da EAEko ingurumena ikertzeko eta ezagutarazteko erreferentea.

Gainera, Lurraldearen Saneamendurako Ekintza Plana betearazteko ezinbesteko ekintzak ere barne hartzen ditu atal honek (Lamaraingo Hondakin Uren Araztegia eta biltodi erraldoien eraikuntza lanak amaitzea). Energiaren alorrean, berrikusi egingo da Urdaibaiko Ingurumenaren Energia Plana, hobetu egingo da argindarraren banaketa sarea, eta garapenean iraunkortasun irizpide gehiago ezarriko dira.

No hay comentarios: