martes, 2 de diciembre de 2008

Bermeo, urdaibaiko bigarren herri garrantzitsuena

Bizkaiko Golkoan dagoen arrantzale- eta industria-portu bat da Bermeo. Bertako biztanleria gora-behera handirik gabe baina etengabe hazi da XX. mendean zehar: 9.061 bizilagun zituen, adibidez, 1900ean; 12.517, 1950ean, eta 16.955, 2001ean.
Bermeoko San Frantzisko komentuak historia luzea du herriko bizitzan: fundatu zutenean (1357an) Bizkaiko Jaurerriko lehen gizonezko-komentua izan zen. Eta berrezarri zirenean ere (1859an) bera izan zen Arantzazuko frantziskotar probintziako lehenengoa.
Bigarren Esklaustrazioa gertatu zenean (1870ean), ordurako itxia zegoen komentuaz gainera, Bermeok izan zuen Egoitza Apostoliko bat ere 1882ra arte. Komentuari dagokionez, berriz, 1895ean ezarri zen ostera bertan frantziskotarren anaidia. Baina fraideen komentu horretaz gainera Bermeok izan du moja frantziskotarren (klaratarren) monasterio bat ere XX. mendean (1962-2002).
Komentu hau, gainera, apaiztu nahi zuten fraide gazteentzako prestakuntza-etxea ere izan zen 1897-1913 bitarteko urteetan, eta gerora, berriz, lehen mailako irakaskuntzako eskola egon zen bertan zabalik (1919-1974). Frantziskotarren hezitzaile-bokazio hori, baina, garaian garaiko eta behin-behineko premia jakin batzuei erantzuteko izan dela esango genuke, Arrantzako Patroi Eskola ez ofizialarekin (1972-2000) gertatu zen bezala, esate baterako.
Komentu honen pastoralgintza, 1974az geroztik parrokia ere baden bere elizako zerbitzuen inguruan mugitu izan da batik bat; eta gero arduratu izan da Mañuako parrokiaz (1974-1992) eta Muruetakoaz ere (1980-1992). Baina horrez gain jarraitzen du eskualdeko eta, oro har, Bizkaia osoko predikazio-eskeari erantzuten. Azken hiru hamarkadetan, bestalde, zeregin garrantzitsua bete duela esan behar da osasun-pastoralaren eremuan.
Komentu-multzo honetan (elizan, klaustroan eta komentu ohian) berrantolamendu eta birmoldapen sakona egin zen 2000ko urtean, eta Arantzazuko probintziaren zerbitzura dagoen erietxe bihurtu da harrezkero. Baratzea, berriz, Udalari laga zitzaion, inguruko hirigintza-beharrei erantzuteko. Bermeoko anaidiak 18 fraide zituen 2004an, jarduneko anaiak, erretiratuak, zaharrak eta ezinduak barne.

No hay comentarios: