martes, 16 de diciembre de 2008

Guggenheim proiektuari buruz jendeak duen iritzia batuko dute eragileek

Guggenheim proiektuari buruz jendeak duen iritzia batuko dute eragileek

Ekonomia

Aldundiak museoa eraikitzeko duen proiektua kritikatu du `Lan eta Bizi´ plataformak agerraldi baten bitartez.

danel lauzirika

Zapatu goizean prentsaurrea eman zuten Gernika-Lumoko kultur etxean `Busturialdean Lan eta Bizi´ gizarte plataforma osatzen duten sindikatuen, alderdi politikoen eta elkarteen ordezkariek. Agerraldi horren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak Sukarrietan Guggenheim museoa ezartzeko duen proiektua kritikatu zuten.

Proiektu horren aurrean eskualdeko bizilagunek duten iritzia ezagutzeko eta eskualdeko garapen soziokonomikoa zein izan beharko litzatekeen jakiteko abendua eta otsaila bitartean ekimen bat burutuko du `Lan eta Bizi´-k. Hain zuzen, eskualde osoan inkesta orriak banatuko dituzte jendearen iritzia ezagutze aldera.

Aldundiak Sukarrietan museoa ezartzeko 100 milioi euroko aurrekontua duela jakinarazi du baten baino gehiagotan. Eskualdea garatzeko bidean «inbertsio produktiboa, soziala, erabakietarako elkarrizketan eta parte-hartzean oinarritua» funtsezkoa dela uste dute plataformako eragileek.

«Gaur egungo datuak estrapolatuta, 100 milioi euro, guztira, Foru Aldundiak eskualdeko hogei udalerriei datozen hiru urte luzeetan emango dien kopurua da, udalerrion biziraupenerako. Alderatzeko beste datu bat: familia bakoitzak Guggenheimerako 6.700 euro jarriko bagenitu bezala da», adierazi zuen Olate Arrate EHNEko kide eta plataformako bozeramaleak.

Eskualdea garatzeko planik ez

Plataformako kideen ustez, erakundeek eskualdearen kudeaketa sozioekonomikorako plan bat garatu ez dutelako sortu dute museoaren proiektua. «Erakundeen utzikeria ia erabatekoa izan da. Ez dute ekonomia suspertzeko ekintzarik bultzatu, lurzoruaren espekulaziorako eta gutxi batzuen negoziorako ekintzak baino ez. Hau da, Biosfera Erreserba izendatu zenetik 25 urte igaro eta gero, eta Garapen programa onartu zenetik hamar urte igaro eta gero, Busturialdea gainbehera doa oraindik ere».

Plataformaren ustez «utzikeria» horren emaitza dira nekazaritzan, arrantzan eta industrian desagertutako 10.000 lanpostuak. Arrateren esanetan, «2.000 lagun baino gehiago joan behar dira egunero eskualdetik kanpora lan egin ahal izateko. Ez da aurreikusi lanposturik eskualdean bizi diren zazpi milatik gora gazteentzat, eta etorkizun zalantzagarria dute horiek guztiek. Prekarietatea gero eta handiagoa da».

`Lan eta Bizi´-k bere sorreratik Muxikako industriagunearen proiektua errefusatu eta Gernika-Lumoko industrialdea biziberritzearen aldeko apustua egin duela adierazi zuen Arratek.


Proposamen zehatzak

Busturialdearen garapen sozioekonomikoa sustatzeko hiru proposamen zehatz egin ditu plataformak. Batetik, Urdaibaiko Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapen eta Garapenerako Egitaraua praktikara eramatea eskatu diete erakundeei.

Horrez gain, «100 milioi euro horiek berehala gizarte inbertsioetan erabiltzeko» eskatu dute, «gizarte sektore eta sektore ekonomiko guztiak orekaz suspertzeko eta lanpostuak eta etorkizun itxaropentsua sortzeko. Espekulaziorako inbertsiorik ez. Gure kapitala, hau da, gizarte kapitala ez da esku pribatuetara pasatu behar, are gutxiago gure onerako izango den aitzakia zentzugabearekin».

`Lan eta Bizi`-ren proposamena sektore ekonomiko guztiak suspertzea da, ez turismo arloari lehentasuna ematea. «Turismo iraunkorraren garapena gainerako jarduera sozioekonomikoekin lotuta dago, eta argi eta garbi programatuta Urdaibaiko Legearen tresnetan». Plataformaren ustez, «turismoan oinarritutako eredu batek hautsi egingo luke gure historian jarduera sozioekonomikoen dibertsifikazioan oinarritu den garapena. Lehen ere eragingarria izan den eredu horrek inbertsioak behar ditu, eguneratu ahal izateko, eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatu behar du».

15.000 inkesta orri banatuko dituzte eskualdean

Abenduan plataforma osatzen duten eragileek eskualdeko bizilagunei zuzendutako 15.000 inkesta orri «etxez etxe, herriz herri eta enpresaz enpresa» banatuko dituzte. Inkesta horren bitartez Aldundiak Guggenheim eraikitzeko erabiliko duen aurrekontua zein sektore sozioekonomiko suspertzeko erabiliko luketen galdetuko diete eskualdeko bizilagunei.

Eragileek urtarrilean jasoko dituzte inkestak, eta lehenago horiek non utzi daitezkeen jakinaraziko dute.Otsailean inkestaren emaitzak aurkezteaz gain, manifestazio bat deituko dute.

Informazioa: Urdaibaiko hitza

martes, 2 de diciembre de 2008

Bermeo, urdaibaiko bigarren herri garrantzitsuena

Bizkaiko Golkoan dagoen arrantzale- eta industria-portu bat da Bermeo. Bertako biztanleria gora-behera handirik gabe baina etengabe hazi da XX. mendean zehar: 9.061 bizilagun zituen, adibidez, 1900ean; 12.517, 1950ean, eta 16.955, 2001ean.
Bermeoko San Frantzisko komentuak historia luzea du herriko bizitzan: fundatu zutenean (1357an) Bizkaiko Jaurerriko lehen gizonezko-komentua izan zen. Eta berrezarri zirenean ere (1859an) bera izan zen Arantzazuko frantziskotar probintziako lehenengoa.
Bigarren Esklaustrazioa gertatu zenean (1870ean), ordurako itxia zegoen komentuaz gainera, Bermeok izan zuen Egoitza Apostoliko bat ere 1882ra arte. Komentuari dagokionez, berriz, 1895ean ezarri zen ostera bertan frantziskotarren anaidia. Baina fraideen komentu horretaz gainera Bermeok izan du moja frantziskotarren (klaratarren) monasterio bat ere XX. mendean (1962-2002).
Komentu hau, gainera, apaiztu nahi zuten fraide gazteentzako prestakuntza-etxea ere izan zen 1897-1913 bitarteko urteetan, eta gerora, berriz, lehen mailako irakaskuntzako eskola egon zen bertan zabalik (1919-1974). Frantziskotarren hezitzaile-bokazio hori, baina, garaian garaiko eta behin-behineko premia jakin batzuei erantzuteko izan dela esango genuke, Arrantzako Patroi Eskola ez ofizialarekin (1972-2000) gertatu zen bezala, esate baterako.
Komentu honen pastoralgintza, 1974az geroztik parrokia ere baden bere elizako zerbitzuen inguruan mugitu izan da batik bat; eta gero arduratu izan da Mañuako parrokiaz (1974-1992) eta Muruetakoaz ere (1980-1992). Baina horrez gain jarraitzen du eskualdeko eta, oro har, Bizkaia osoko predikazio-eskeari erantzuten. Azken hiru hamarkadetan, bestalde, zeregin garrantzitsua bete duela esan behar da osasun-pastoralaren eremuan.
Komentu-multzo honetan (elizan, klaustroan eta komentu ohian) berrantolamendu eta birmoldapen sakona egin zen 2000ko urtean, eta Arantzazuko probintziaren zerbitzura dagoen erietxe bihurtu da harrezkero. Baratzea, berriz, Udalari laga zitzaion, inguruko hirigintza-beharrei erantzuteko. Bermeoko anaidiak 18 fraide zituen 2004an, jarduneko anaiak, erretiratuak, zaharrak eta ezinduak barne.