Inamaren auzia bere amaierara iristen ari dela ematen du. Enpresa, langile, Aldundia eta Euskadi Buru Batzarra bildu ostean, atzo goizean akordio batera iritsi ziren inplikatutako alderdi guztiak. Jesus Maria Malaxetxebarria Inamako ELAren delegatuak azaldu duenez, «zortzi urtetan zehar izandako arazoez hitz egin ondoren, Inama Mendatan eraikiko den industriagune berrira pasatuko dela jakinarazi digute langileoi».
Inaman bertan egin zuten bilera eta 09:30etik 11:30ak aldera arte izan ziren bilduta. Batzarrean, besteak beste, Josu Madariaga Aldundiko Ingurumen zuzendariak, Juan Maria Atutxak, Unai Rementeria Mundakako alkate eta Buru Batzarreko kideak eta Berrikuntza eta Martin Askasibar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura saileko Berrikuntza eta Garapen Teknologiaren zuzendariak parte hartu zuten. Era berean, enpresako buruak eta sindikatuen komitea ere bertan egon ziren.
Inamaren ELA sindikatuko ordezkariak argitu bezala, «bilera zegoela esan ziguten eta jende garrantzitsua etorriko zela jakinarazi ziguten, baina gaur bilerara iritsi garen arte ez dugu jakin nogaz bildu behar ginen».
Mendata eta Ajangiz artean
Hain zuzen ere, Berrekondoko zonaldera eroango dute Inama. Industriaguneak hartuko dituen lursail gehienak Mendatakoak dira, baina Ajangizko zati bat ere erabiliko da zeregin horretarako.
Malaxetxebarriaren hitzetan, industriagune berriak 110 hektarea izango ditu guztira eta horietatik 30 izango dira Inamarentzat, gauzak bere bidetik badoaz. ELAko ordezkariaren esanetan, «leku horretan Inamak goi teknologiadun enpresa bat eraikiko luke eta langile kopuruak ere gora egingo luke gaur egungo enpresarekin alderatuz gero». Bere adierazpenetan, «Marco Antonio Diaz Inamaren kudeatzaileak bileran argitu duenez, eta lan karga nolakoa izango den kontuan hartu gabe, 200dik 300 langilera bitarteraino hazi daiteke lantaldea».
ELAko kideak dioenez, proposamena jaso dutenean «harrituta» gelditu dira, ez zutelako espero irtenbidea «horren arin izatea». Hala ere, pozik agertu da Malaxetxebarria. Izan ere, zortzi urtetan zehar arazoak izan ondoren pankartak eta bestelakoak ahaztu ahal izango dituztela adierazi du. «Gainera, puntako enpresa izango da eta jende gehiago ariko da lanean».
Momentu honetan beharrezko tramitazioak ari dira aurrera eramaten alderdi ezberdinak, baina proiektuak aurrera darrai. ELAko delegatuaren esanetan, «data ziurrik ez dago, baina ondorengo bost urteetan guztiarekin amaitzeko nahia dago».
Ingormazioa Busturialdeko hitza
TXAPELPUNK..... VAYA FULL!!!!!!
Hace 15 años